Mendeetan, nekazariei bizitzeko aukera eskaini diete baserriek, eta bide berriak landu behar izan dituzte bizirik irauteko. Gakoa zuzeneko salmenta da, kooperatiba kontsumitzaile talde zein Nekasarearen bidez.
Lanordu jakinik ez; beharra, eguraldiaren eta urteko sasoiaren arabera antolatzen den lana eskaintzen du baserriak. Eta bizirik dirau Euskal Herrian bere burua aurrera egiteko aski duenaren eredua izan denak. Administrazioen politiken eta gizartearen bizitza eredua kontra izanik, bere bidea egin behar du.
Azoka eta, oro har, zuzeneko salmenta oro dira, baserritar askoren arabera, gaur egun daukaten salbazioa. Horretarako, era ugari garatu dituzte Bizkaian. Besteak beste, kooperatiba gisa eratu dute euren lana. Bizkaigane Errigoitiko kooperatiba da eredu horietako bat.
Nekazaritza iraunkorrean oinarritutako elikadura burujabetza da baserria errentagarri bihurtzeko modu bakarra. Hemengo ekoizleei eusteko hemengo erosleak behar dira. Nekazaritza iraunkorra esaten dugunean iraunkorra zentzu guztietan: osasun aldetik, ekonomia aldetik eta arlo sozialetik. Hori guztia, herria bizi ahal izateko nekazaritza bizi ahal izateko eta erosleak behar duen prezioan bere janaria erosteko.
Nekazaritza sektorearen egoera kaxkarra da, izan ere azken urteotan ez da egon nekazaritza politika arduratsu bat. Industriaren boom-a izan zenean, nekazaritza bertan behera utzi zen eta gerora egon diren Europako nekazaritza politikek beste nekazaritza mota bat bultzatu dute: intentsiboa eta industriala.
Administrazio publikoek produkzio handiak sustatu ohi dituzte, nola ekoizten den begiratu gabe. Horren aurrean nekazaritza iraunkorraren alde azaldu behar gara.
Nekazaritza sektorea bezala, baserritarrak bere produktuak saltzeko azokak ere aldatu egin dira. Betidanik salerosketako azokak izan dira Gernika-Lumoko Urriko Azken Astelehena eta antzekoak, gaur egun, ordea, horietako asko mitifikatu eta jaiegun bihurtu direla deritzo. Baserrietako salmenta, beraz, ez da horrelako ferietan oinarritu behar.
Euskal Herriko betiko baserriaren eredua berreskuratzea lortu nahiko lukete nekazaritza iraunkorraren alde dauden baserritar askok. Hain zuzen ere, jende berria baserrien munduan murgiltzen denean gai batean edo bestean espezializatu ohi da baina hoberena litzateke lehengo baserria berreskuratzea, hau da, baserria erakunde bat izan dadila, ortuariak, animaliak eta denetarik dituena. Zikloak ixtea diogu horri. Euskal Herrian izan dugun gauzarik onena baserria izan da: bizitzeko bere burua aski duena.
Nekasarea, sasoian sasoiko produktuen otzara etxean.
Kooperatibak ez dira baserriei irtenbidea emateko modu bakarra. Nekasareagaz (nekazarien eta kontsumitzaileen arteko sarea) baserriari bizirik iraunarazteko alternatiba aurkitu dute. Sasoiko produktuak dituen otzara bat da proposatzen dena. Otzara hori etxera bertara eramaten diote familia bakoitzari. Baserritarrentzat abantaila garrantzitsu bat ere badu sistema horrek, izan ere, plazara joanez gero ez dakizu eramandako produktuetaik zenbat salduko diren. Etxerik etxeko salmentak planifikazio bat egiteko aukera ematen du.

No hay comentarios:
Publicar un comentario